HARRERA-MEZUA
IkerGazte 2017 ate joka dugu eta UEUren eta Kongresuaren Batzorde Zientifikoaren izenean atsegin handiz zuek guztiok bertan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Oraingoan Iruñean izango da IkerGazte, NUPeko campusean.
IkerGazteren lehen edizioa Durangon ospatu genuen 2015.eko maiatzean eta orduan erakutsi genuen badela euskaraz ikertzen duen euskal komunitate zientifikoa; giza zientzietan, gizarte zientzietan, zientzia zehatzetan, teknologian, arkitekturan edota osasunean jarduten duen nazioarteko ikertzaile-komunitate euskalduna. Ikerketak euskaraz dakiela zioen Berriako titularrak. Orduan jarritako mugarria abiapuntutzat hartu eta aintzinera jotzeko unea heldu da. Orduan bertan izan bazinen etor zaitez berriro ere, eta orduan hurbiltzeko aukerarik ez bazenuen izan, orain duzu aukera. Egizu bat ikertzaile euskaldunen bilgune honekin, ezagutu itzazu ikerketan diharduten ehundaka ikertzaile gazte, deskubritu itzazu zure ikerketa-alorretik gertuko eta ez hain gertuko ikerketa-lanak. Tesia bukatu berri duzula? Orain hiruzpalau urte amaitu zenuela? Bukatzear zaudela? Zatoz, ikertzaile euskaldunen komunitatearen aurrean zure emaitzak azaltzeko aukera duzu!
Lehen kongresuan bezala, ikertzaile gazteak bildu eta ikusgarritasun handiagoa ematea izango da bigarren kongresuaren xede nagusia. Gazte diogunean ibilbide zientifikoaz ari gara; ikerketa lan baten egile zaren horri, tesia bukatzen ari zaren horri edo azken lauzpabost urteetan amaitu duzun horri zuzenduta dago kongresua.
Kongresuari hasiera emateko nazioartean izena duen hizlari bat izango dugu. Saio zientifikoetan, jasotako lanen artean hautatutako eta arlo guztiak ordezkatuko dituzten lanen aurkezpenak izango ditugu, bai ahoz aurkeztuta bai poster formatuan . Parte-hartzaileok Euskal Herrian egiten den goi-mailako ikerkuntzaren gaineko ikuspegia izango dugu. Kongresuan parte hartuko dugun ikertzaileon arteko harremanak errazteko tailer (mintegi) interesgarriak eta saio osagarriak ere izango dira. Horretaz gain, kongresuak iraun bitartean Iruñean bertan lo egiteko aukera izango dugu eta hori ere bultzatuko dugu.
Beraz, ikerkuntza-proiektu baten emaitzak ezagutarazi nahi dituzula? Erdu! Tesia bukatzear edo bukatu berri duzula eta zure emaitzen berri eman nahi duzula? Zatoz zu ere! Nazioarte mailako ikerkuntzaren berri euskaraz! Ez ezazu aukera galdu!
Hautatutako artikuluak ISBNa izango duen argitalpen digital batean agertuko dira eta Euskal Herriko hainbat argitaletxerekin lankidetzan zenbait lanen bertsio hedatuak aldizkari espezializatuetan argitaratzeko aukera ere egongo da.